2007/04/18

AUZO ESKOLAK


XX. mendearen hasierakoak ditugu auzo eskolak. Garai hartan, hezkuntza eta kultura aldetik nekazari munduan eta herri txikietan bizi ziren umeen egoera kaskarra zela eta, Bizkaiko Aldundiak auzo eskolak sortzea erabaki zuen. Urteetan zehar, eta beti ere 1937an estatuaren menpean geratu arte eskola hauek, ehundaka eskola eraiki zituen Bizkaiko Aldundiak hainbat auzotan. Honela, 5 urtetik hasi eta 12 urte bitartera arte, edozein auzotako umeak hezkuntza egokia jasotzeko eskubidea izan zuen, bi hizkuntzatan, euskara eta gaztelera.
Diputazioak eskolen kokapena finkatzen zuen. Auzotarrek lan eskerga egiten zuten Aldundiak diruz lagundutako eraikinak jasotzen edota zeuden eraikinak egokitzen. Momentuan legean zeuden arauak bete behar zituzten eskolok: neurriak, argitasuna, higienea, komunak, sukaldea... eta udalarekin batera eraikinaren eredua erabakitzen zuten. Honetaz gain, Aldundia langileetaz, beharrezko materiala erosi eta helarazteaz, hezkuntza plana ezartzeaz eta ikuskaritzaz arduratzen zen. Material aldetik ongi hornitu ziren eskola horiek: mapak, barometroa, liburuak, pupitreak, josteko makina, plumilak, tintak...
Bi eskola bereizten ziren: nekazal eskualdekoak eta eskualde mistokoak. Nekazal eskualdetan euskaraz soilik hitz egiten zenez euskaraz irakasten zen eta gaztelaniaren lehen urratsak ere bai. Eskualde mistoetan, berriz, irakaskuntza gaztelaniaz zen.