2007/05/23

HEZKUNTZA HEDATZEN EUSKAL HERRIAN

1806an Unibertsitate Napoleonikoa Iparraldean ezarri zen, eta haren hedadurari jarraituz, 1857an Moyanoren Legea Hegoaldean. Lehena Napoleonen kutsu inperialistarekin ezarria zen, hezkuntza sistema bakarra, lurralde osorako, frantsesez eta egitura hertsiki zentralistarekin.
Honen pareko, Hegoaldean, egitura hertsiki zentralistarekin, gazteleraz, lurralde osorako, hezkuntza sistema bakarra, burgesientzako xedeak arautuz eta gutxiengo gobernarien ideologiak ezarritakoa Moyanoren Legea dugu. Bertan ikusten dugu lehenengoz, kapitalaren interesak eta Estatuarenak elkartzeko joera hezkuntza sistemaren bitartez, alegia: "Hezkuntza homogeneoa" behar zuten sistema arautuaren bidez: batasun nazionala bermatzeko (hizkuntzaz eta kulturaz) eta orduantxe sortutako Estatuak ezarritako identitate berria eraikitzeko (industrializazio aroko beharrizan sozial eta ekonomikoei begira zegoena). Ondorengo hezkuntza legeak ez dira aldatu: Iparraldean hezkuntza gatazka laikotasunaren inguruan bildu da, eta Hegoaldean, publiko eta pribatuaren arteko dikotomian. Euskal Herriak ez du izan ez hitzik ez presentziarik araubide horietan. Hezkuntza homogeneo horren bidean, hala ere, protagonista isildua izan da, baina ez isila.

Hezkuntza sistemaren bitartez erreproduzitu egiten da, zelako gizartea halako hezkuntza eta alderantziz, baina baita produzitu ere. Gehienetan erresistentzia gisa erantzuten da, zeren kapitala eta Estatuaren arteko oreka apurtzen da gizarte zibilaren interesek erantzunik ez badute. Horren lekukoa da euskaltzaleek Estatua albo batera utzita ernatu behar izan dituzten egitasmoak. Horren emaitza dira, besteak beste, eskola elebidun gisa 1925ean Bizkaian sortutako Auzo eskolak, oso fokalizatua baina sustrai sendokoa; ostean, 1925-36 bitartean, loratu zen Etxe eskola, hedadura handikoa baina ia hol zorian geratu zena gerra garaian; eta, 1960tik aurrerako Ikastola, berreskurapen nazionalari begira egitasmorik iraunkorrena eta herrikoiena. Hala eta guztiz ere, egitasmo horiak, zoritxarrez, oraindik ez dute hezurtu hezkuntza sistema propioa Euskal Herri osorako.

2007/05/06

GIZARTEA - ESKOLA

Gizartea eskolan islatzen da, eta horregatik, eskola antolakuntzak gizartearen antolakuntza ikus araziko digu.
Baina zer da GIZARTEA? Gizarte Zientzien Nazioarteko Entziklopediaren arabera, Gizartea era askotan definitua izan da. Oro har gizartea populazio nahiko independientea edo buruaskia da. Baditu barneko antolaketa, lurralde eremu bat eta berezko kultura. Bere jarraipena neurri handi baten bere partaideen ugalketa sexualaz lortzen da. Gizartea sozial sistema da, non mota ezberdinetako taldeak, ekintzak eta harremanak, guztiak autonomoak baina interakzioan dauden. Jarduera ekonomikoek, erlijiosoek, politikoek badituzte euren antolaketa, ezaugarri eta mugak. Baina sistema bat bezala haien artean loturak eta eraginak dituzte.

Eragin hau edo interakzio hau populazio berdin baten gainean ematen denean esaten da populazio horrek gizarte bat osatzen duela.
Beraz, nolako gizartea, halako eskola izango dugu. Eta eskolan nola heziak garen, gero halako gizartea osatuko dugu.