Mostrando entradas con la etiqueta asterrikako auzo eskola. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta asterrikako auzo eskola. Mostrar todas las entradas

2007/06/09

AUZO ESKOLAKO GOGORAPEN ESANAHITSUAK

Asko eta asko dira gure elkarrizketatuek kontatu dizkiguten gauzak, garaiko gorabeherak. Beraz, saltoka joan beharrean bakoitzak kontatutakoa multzoka azalduko dut (esan behar dut nire lanean idatzitakotik osatu dudala post hau):

  • Juanitak:

1932ko zerrendan agertzen diren Engracia Bikandi, Miren Irusta, Purificacion Anakabe eta bera lagun minak zirela gogoan du. Batipat Engrazi. Inoiz ere ez du ahaztuko, nola gerra sasoian, beraiek 16 urte zutenean, bala galdu batek papar-paparrean jo, justu-justu bihotzean, eta bertan hil zela. Asterrika bezalako auzo batentzat oso gogorra izan zela ezin ahaztu. Kontatzerakoan aurpegian ere oraindik nabari zitzaion.

Juliana Elu errenteri auzokoa izanik, bere ahizparekin Burgain-beko baserrian egoten omen zen. Berau Burgain-goiko baserrikoa izanik eskolara batera joaten ziren, eta batzuetan baita eskole-kiesik egin ere.

Anita maistra oso berezia zela akordatzen da, espeziala. Bere ahizpa bat adin berekoa zen eta eskolara berarekin ekartzen zuen. Gero ahizpa hau mediko egin zela ere jakin izan zuen. Behin, odola analizatzera Elgoibarrera joan eta tren geltokian norekin aurkituko eta Anita maistrarekin. Juanita jada ezkonduta zegoen (24 urterekin ezkondu zen), elkar ezagutu eta besarkatu egin ziren. Hainbeste urte eta gero, elkar ezagutu, eta berarekin gogoratzen zela dio.

  • Patxik:

Honela kontatu digu: “...gerran eskolan Cruz Roja egon zan. Hantxe eskolin albun ezautu nittun nik, mantak, behanganin, manta ederrak, bertan tiro eindde, mantiaz tapata, odola... ontxe be ikusi etxeotxuaz”.

Julianen okerkeixetaz ere asko gogoratzen da, benetako okerra zela, bai bera eta baita bere anaiaJose ere.

  • Julianek:

“Komune neuk apurtu neban erdixe. Maistrik zigortu eta Pascualek eta Kondetxebarriko Jose Marik erun nitxuen barrure. Hasi nitxan danba eta danba... Han laga nitxuzen markak, makina bat denboran egon zin”. Honela kontatu digu lehenengo okerkeria Julianek. Ze egin, pila bat egin zituela onartzen du. Apur bat geldik ezin egona zela eta.

“Eguerdixan be, etxea bazkaltzea jun baik, gelan gelditxu bir zigortute. Bañe maistri Serotetxea juten zanez bazkaltzea, bentana handitxik salto eiñ, hantxe euan engantxateko, paretin zintzilik geatu eta punba, etxea arte jun, bazkaldu eta buelta osteabe eskola maistri entera eta alla aurretik”.

Badago istorio polit bat Asterrikako Zelai baserri-tabernakoa: bertako sagoardoak fama handia zuen, eta ondarrutar asko joaten ziren igandeetan bertara. Domeka batean etorri ziren ondarrutarrak betiko lez, eta zer bururatu gure Asterrikako mutil koadrilari eta harrika hastea herritarrekin. Jose Mari Aldekok normalean brusa janzten zuen, nahiko deigarria. Txibatu zioten maistrari nortzuk izan ziren, eta biharamunean nahiz eta beronek goizean intxaurren egin, arratsaldean zigorra bere zain zuen: 3x3ko erregelarekin maistrak behin baino gehiagotan jo eta gainera eskolan gehiago jaramonik ez ziola egingo agindua eman zion. Esan eta egin, Julianek 11-12 urte inguru zituen, maistrak bere berba bete zuen, eta bere arrebak etxean kontatu zuen gertatutakoa. Etxean, orduan eta zigor handiagoa. Gela guztiaren aurrean hiru bider esan behar izan zion maistrari: “¿Me perdonas señorita?” Hura beretzako guztiz iraingarria izan zela kontatu digu.

Gela barruan, eskola zoru irregularraren gainean eraikita zegoenez, tranpa zegoen. Bertan berogailuarentzat ikatza eta egurra gordetzen zituzten. Zigorretan maistraren komodina ere bazen, eta gaizki portatzen zirenak han sartuko zituela ere esaten zuen. Gure Julian hain zen okerra ze, baten zigortu eta tranpa barruan sartu nahi izan zuen irakasleak, baina mahaiari ondo heltzen zion Julianek barrura ez eramateko eta maistrak ezin.

  • Luisek:

Luisek Julianen okerkeri asko buruan ditu. Bere kontuei dagokionez, gogoan du bere amak nola ekartzen zuen Ondarroatik baserrira eskolako ikatza, triburian (gurdia errubera handiekin), plazakoa egitera joaten zenean. Beraien baserria kamino alboan zegoenez, beste baserrietako errekadu asko ere horrela ekartzen zituzten, eta gero astoz igo auzora. 50 kiloko zakuak zirela ere ondotxo gogoratzen du.

Behin edo beste txangoren bat egin zutela kontatzen du, eta baten Asterrikatik beraien baserri ondoko kaminora jaitsi, han autobusa hartu eta Butroiko Gaztelua ikustera joan zirela eta, oso pozik. Beste baten, Bilboko errekara ere heldu omen ziren...

MAISTRAK

Auzo eskolek martxa ona izateko, ardatza irakaslegoa izan zen. Irakaslea omen zen eskolaren arima. Auzo eskolen irakasle eskolak exigentzia handiak zituen bere ikasleak eratzeko orduan, beraz, gero praktikan ere, eskakizun horiek betetzen zituzten eta baita emaitza onak lortu ere.
Hasieran Aldundiak 50 eskola eraikitzea erabaki zuen, baldintza bi jarrita: bata, euskaraz ondo jakitea, euskaraduna izatea, batez ere inguru euskaldunetara joateko (leku askotan euskaraz besterik ez zuten hitzegiten, Asterrikako auzoa kasu); eta bestea, lanpostu guztietan, mailarik bereizi gabe, hasteko urtean 3000 pezeta ordainduko zituztela. Deialdi honek erantzun ona izan zuen eta bertatik sortu zen lehenengo irakasle taldea. Besteak beste Juliana Azpeitia, Sorne Unzueta, Primitiva Unzueta, Consuelao Gallastegi...

Interesgarria iruditzen zait ataltxu honetan zehazki gaia dugun Asterrikako maistrei buruz zerbait aipatzea. Gerra aurretiko sasoi hartan hiru maistra desberdin egon ziren Asterrikako auzo eskolan: Remigia Belzunegi Arruti (hasieratik, 1925eko otsailetik 1926ko gabonak arte), Mª Begoña Alegria Olea ( 1926ko gabon ostetik 1931/32 ikasturtea bukatu arte) eta Ana Unzueta Larrañaga (1932/33 ikasturtetik 1936an gerra sartu arte). Gure elkarrizketatu guztiak, Anitaren oroitzapen ezin hobeak dituzte, bai maistra bezala eta baita pertsona bezala espeziala omen zen. Beraiek orain dakitena anitari zor diotela kontatu zidaten.

Elkarrizketatuek hainbeste aipamen egin ondoren, honi buruz ikertzen aritu naiz, baina ezer gutxi lortu dut:
  • 1909ko irailaren 1ean jaioa, Elgoibarren.
  • Gurasoak Esteban Unzueta eta Mª Simona Larrañaga.
  • Anai-arrebak: Mª Concepcion, Simona, Ana, Lazaro, Isabel, Andoni eta Mª Karmen.
  • Elgoibarren 1991ra arte enpadronatuta, gero Donostira joan zen.
  • Badirudi ez zela ezkondu, baina ezin izan dut zihurtatu.
  • Gregorio Arrienen liburuan agertzen denez, nº de escalafon 96a du eta 11. promoziokoa da.