2007/06/09

ONDORIOAK

"...ikusi eta bixi ez dabenak ezin leike sinistu zelako aldaketi egon dan", honela diosku Julianek bere elkarrizketa bukatzerakoan. Guztiz berba adierazgarri eta borobilak. Guk, ikusi eta bizi gaur egungoa soilik bizi dugu, baina ikerketa egiterakoan konturatu naiz zer nolako diferentzia dagoen, zer nolako aldaketa... onerako eta txarrerako. Niri neuri apur bat malenkonia ere sartzen zait, sarritan lehen bizi zuten inozentzia eta bizitasuna faltan botatzen ditut. Adibidez, umeak beti ere ume izanik, lehen zuhaitzetik zuhaitzera saltoka ibiltzea urtxintxak lez. Gaur egun umeak babestuegi daude eta zuhaitzera heldu orduko: kontuz hor! oihukatzen zaie, arnasa hartu orduko zuhaitz ondoan. Maleziarik gabeko bihurrikeriak, imaginazioak lagundutako jolasak... Gaur, malizia gehiegi dago, biolentzia ere gehiegi, mundu teknologiko honetan nabariegia da, indibidualismo hutsean bizi garela. Bizi garen mundu kontsumista hau umeengan isladatuegi dago.

Eta besterik ez, hemen bukatzen dut nire bloga. Irakurleentzat interesa izatea espero dut. Eta nire aldetik esan niretzat erronka handia izan dela guzti hau egitea, ulertzea, ikastea, Web 2.0 mundu honetan murgiltzen hastea, alegia. Lehenego aldia izan da honen berri izan dudana, ahal izan dudan einean eskatutakoa betetzen ahalegindu naiz. Ah! eta gelako ikaskideek eginiko blog interesgarriak ezagutzeko aukerarik ez galdu.

Ondo izan zaiteztela!

LEHENGO ESKOLA ETA GAURKO ESKOLA

Lan hau egin ondoren, lehengo eskolaren artean eta oraingo eskolaren artean, desberdintasun nabariak daudela ondorioztatzen dugu. Lehengoa ikerketa honetan ikusi ahal izan dudan legez, eta oraingoa, aurtengo praktika aldian ikusi ahal izan dudan legez. Hona hemen bada bakoitzaren ezaugarri nabarienak:

GARAI BATEKO ESKOLA:

- Sasoi desberdin bi eman ziren, bien artean diferentzia handiak izan zituztenak batipat euskaldunontzako: errepublika garaia eta guda ondoko garaia. Bakoitza bere ondorioekin.

- Erdalduna, hezkuntza erdaraz zen, nahiz eta euskara hutsean aritu baserri giroan, hizkuntza arrotzean hitz egin eta ikasi behar.

- Konfesionala, kristau erlijioa gauza guztien gainetik, gelan hori azpimarratzen zuen ikurra, egunero dotrina eman beharra...

- Ideologia eta pentsakera zehatzak transmititzen zizkien.

- Sexuaren arabera diferentziak markatzen zituzten, bai eginkizunetan, bai ikas materietan... Sexua bereizgarria zen.

- Gelan hornidura gutxi egoten zen, erlijioak markatzen zuena eta momentuko aginte politikoa.

- Autoritarioa, gelako agintea maistrak zuen, zigorren bidez funtzionatzen zuen zuzentzeko. Berak esaten zuena besterik ez, errespetua eta beldurra.

- Asterrikan asterrikakoak bakarrik egoten ziren, Ondarroa edota Berriatuko jendearekin ere ez ziren ez egoten ezta nahasten ere. Beraz, atzerritar gabea zen bizimodua.

- Klaseak, materiak, ikasgaiak, denentzat berdina zen, ez zegoen bereizketarik ez adinarengatik ezta adimen ahalmenagatik ere. Ahalmen guztientzat berdina zen. Unitarioak ziren.

- Gela bakoitzeko ikasle kopurua altua zen, irakasle bakarra 35-40 ikaslerentzat.

GAUR EGUNGO ESKOLA:


- Hezkuntza euskalduna da. Euskara hutsean bizi garen herrietan, bai harremanak, bai ikasgaiak, ... arlo guztiak euskaraz bizi ditugu.

- Laikoa da, ez dago inongo eta inolako erlijioren markarik ezta hezkuntzarik ere.

- Ideologia aldetik, aldiz, anitza da. Zenbat buru, hainbat aburu.

- Hezkidetzailea da, ikasle-irakasle, irakasle-ikasle norabide bietan, eta baita guraso, zaindari, langile, zuzendaritza... denak elkarrekin komunitate bat eratuz.

- Elkar ulermana, konprensiboa, denak aintzakotzat hartuz.

- Gaur egun kanpotar asko dago, herrialde desberdinetako atzerritar ugari. Hartu-emanak, harremanak desberdinak eta aberasgarriak.

- Egokitze kurrikularrak, adimen desberdinetako ikasleei erantzuteko curriculo egokituak, denak kontutan hartuz.

- Gelak eta ikastetxeak asko hornituta daude, kolore eta irudi biziekin ( argazkian nire practicumeko gela).

- Informazio eta komunikaziorako teknologiaz hornitua.

- Ikasle-irakasleen ratioa guztiz aldatu da, gehiengoz 25 ume hartzen dira gela batean, hortik gora gelak eta era berean irakasleak bikoiztu egiten dira (eskola publikoari gagozkio beti ere).

Beraz, biak konparatzen baditugu, guztiz kontrajarriak direla esango genuke, lehengo eskola zer eta nolakoa zen, gaur egungoa kontrako aldea dela esanez. Bata eta bestearen ezaugarriak irakurtzea besterik ez dago.

AUZO ESKOLAKO GOGORAPEN ESANAHITSUAK

Asko eta asko dira gure elkarrizketatuek kontatu dizkiguten gauzak, garaiko gorabeherak. Beraz, saltoka joan beharrean bakoitzak kontatutakoa multzoka azalduko dut (esan behar dut nire lanean idatzitakotik osatu dudala post hau):

  • Juanitak:

1932ko zerrendan agertzen diren Engracia Bikandi, Miren Irusta, Purificacion Anakabe eta bera lagun minak zirela gogoan du. Batipat Engrazi. Inoiz ere ez du ahaztuko, nola gerra sasoian, beraiek 16 urte zutenean, bala galdu batek papar-paparrean jo, justu-justu bihotzean, eta bertan hil zela. Asterrika bezalako auzo batentzat oso gogorra izan zela ezin ahaztu. Kontatzerakoan aurpegian ere oraindik nabari zitzaion.

Juliana Elu errenteri auzokoa izanik, bere ahizparekin Burgain-beko baserrian egoten omen zen. Berau Burgain-goiko baserrikoa izanik eskolara batera joaten ziren, eta batzuetan baita eskole-kiesik egin ere.

Anita maistra oso berezia zela akordatzen da, espeziala. Bere ahizpa bat adin berekoa zen eta eskolara berarekin ekartzen zuen. Gero ahizpa hau mediko egin zela ere jakin izan zuen. Behin, odola analizatzera Elgoibarrera joan eta tren geltokian norekin aurkituko eta Anita maistrarekin. Juanita jada ezkonduta zegoen (24 urterekin ezkondu zen), elkar ezagutu eta besarkatu egin ziren. Hainbeste urte eta gero, elkar ezagutu, eta berarekin gogoratzen zela dio.

  • Patxik:

Honela kontatu digu: “...gerran eskolan Cruz Roja egon zan. Hantxe eskolin albun ezautu nittun nik, mantak, behanganin, manta ederrak, bertan tiro eindde, mantiaz tapata, odola... ontxe be ikusi etxeotxuaz”.

Julianen okerkeixetaz ere asko gogoratzen da, benetako okerra zela, bai bera eta baita bere anaiaJose ere.

  • Julianek:

“Komune neuk apurtu neban erdixe. Maistrik zigortu eta Pascualek eta Kondetxebarriko Jose Marik erun nitxuen barrure. Hasi nitxan danba eta danba... Han laga nitxuzen markak, makina bat denboran egon zin”. Honela kontatu digu lehenengo okerkeria Julianek. Ze egin, pila bat egin zituela onartzen du. Apur bat geldik ezin egona zela eta.

“Eguerdixan be, etxea bazkaltzea jun baik, gelan gelditxu bir zigortute. Bañe maistri Serotetxea juten zanez bazkaltzea, bentana handitxik salto eiñ, hantxe euan engantxateko, paretin zintzilik geatu eta punba, etxea arte jun, bazkaldu eta buelta osteabe eskola maistri entera eta alla aurretik”.

Badago istorio polit bat Asterrikako Zelai baserri-tabernakoa: bertako sagoardoak fama handia zuen, eta ondarrutar asko joaten ziren igandeetan bertara. Domeka batean etorri ziren ondarrutarrak betiko lez, eta zer bururatu gure Asterrikako mutil koadrilari eta harrika hastea herritarrekin. Jose Mari Aldekok normalean brusa janzten zuen, nahiko deigarria. Txibatu zioten maistrari nortzuk izan ziren, eta biharamunean nahiz eta beronek goizean intxaurren egin, arratsaldean zigorra bere zain zuen: 3x3ko erregelarekin maistrak behin baino gehiagotan jo eta gainera eskolan gehiago jaramonik ez ziola egingo agindua eman zion. Esan eta egin, Julianek 11-12 urte inguru zituen, maistrak bere berba bete zuen, eta bere arrebak etxean kontatu zuen gertatutakoa. Etxean, orduan eta zigor handiagoa. Gela guztiaren aurrean hiru bider esan behar izan zion maistrari: “¿Me perdonas señorita?” Hura beretzako guztiz iraingarria izan zela kontatu digu.

Gela barruan, eskola zoru irregularraren gainean eraikita zegoenez, tranpa zegoen. Bertan berogailuarentzat ikatza eta egurra gordetzen zituzten. Zigorretan maistraren komodina ere bazen, eta gaizki portatzen zirenak han sartuko zituela ere esaten zuen. Gure Julian hain zen okerra ze, baten zigortu eta tranpa barruan sartu nahi izan zuen irakasleak, baina mahaiari ondo heltzen zion Julianek barrura ez eramateko eta maistrak ezin.

  • Luisek:

Luisek Julianen okerkeri asko buruan ditu. Bere kontuei dagokionez, gogoan du bere amak nola ekartzen zuen Ondarroatik baserrira eskolako ikatza, triburian (gurdia errubera handiekin), plazakoa egitera joaten zenean. Beraien baserria kamino alboan zegoenez, beste baserrietako errekadu asko ere horrela ekartzen zituzten, eta gero astoz igo auzora. 50 kiloko zakuak zirela ere ondotxo gogoratzen du.

Behin edo beste txangoren bat egin zutela kontatzen du, eta baten Asterrikatik beraien baserri ondoko kaminora jaitsi, han autobusa hartu eta Butroiko Gaztelua ikustera joan zirela eta, oso pozik. Beste baten, Bilboko errekara ere heldu omen ziren...

MAISTRAK

Auzo eskolek martxa ona izateko, ardatza irakaslegoa izan zen. Irakaslea omen zen eskolaren arima. Auzo eskolen irakasle eskolak exigentzia handiak zituen bere ikasleak eratzeko orduan, beraz, gero praktikan ere, eskakizun horiek betetzen zituzten eta baita emaitza onak lortu ere.
Hasieran Aldundiak 50 eskola eraikitzea erabaki zuen, baldintza bi jarrita: bata, euskaraz ondo jakitea, euskaraduna izatea, batez ere inguru euskaldunetara joateko (leku askotan euskaraz besterik ez zuten hitzegiten, Asterrikako auzoa kasu); eta bestea, lanpostu guztietan, mailarik bereizi gabe, hasteko urtean 3000 pezeta ordainduko zituztela. Deialdi honek erantzun ona izan zuen eta bertatik sortu zen lehenengo irakasle taldea. Besteak beste Juliana Azpeitia, Sorne Unzueta, Primitiva Unzueta, Consuelao Gallastegi...

Interesgarria iruditzen zait ataltxu honetan zehazki gaia dugun Asterrikako maistrei buruz zerbait aipatzea. Gerra aurretiko sasoi hartan hiru maistra desberdin egon ziren Asterrikako auzo eskolan: Remigia Belzunegi Arruti (hasieratik, 1925eko otsailetik 1926ko gabonak arte), Mª Begoña Alegria Olea ( 1926ko gabon ostetik 1931/32 ikasturtea bukatu arte) eta Ana Unzueta Larrañaga (1932/33 ikasturtetik 1936an gerra sartu arte). Gure elkarrizketatu guztiak, Anitaren oroitzapen ezin hobeak dituzte, bai maistra bezala eta baita pertsona bezala espeziala omen zen. Beraiek orain dakitena anitari zor diotela kontatu zidaten.

Elkarrizketatuek hainbeste aipamen egin ondoren, honi buruz ikertzen aritu naiz, baina ezer gutxi lortu dut:
  • 1909ko irailaren 1ean jaioa, Elgoibarren.
  • Gurasoak Esteban Unzueta eta Mª Simona Larrañaga.
  • Anai-arrebak: Mª Concepcion, Simona, Ana, Lazaro, Isabel, Andoni eta Mª Karmen.
  • Elgoibarren 1991ra arte enpadronatuta, gero Donostira joan zen.
  • Badirudi ez zela ezkondu, baina ezin izan dut zihurtatu.
  • Gregorio Arrienen liburuan agertzen denez, nº de escalafon 96a du eta 11. promoziokoa da.


ESKOLA MATERIALA

Aurretik esan bezala, Aldundia zen arduraduna auzo eskola hauek materialez hornitzeko. Eskola hauetan, beti ere garaiko modu apalean, ez zen ezer ere falta: pupitreak, entzeratua, berogailua, barometroa, liburuak, tinteroak, bandera eta honen makila, josteko makina... Elkarrizketatu guztiek kontatu digutenez, eskolako dekorazioa hotza eta pobrea zen, gelan iz ez zegoen apaingarririk. Altzariak ere justuan: maistraren mahaia, ikasleen egur iluneko pupitreak tinteroarekin, entzeratu handi bat eta honen alboan berogailua. Material gelan, liburuz beteriko armairu bat besterik ez dute gogoratzen. Hori bai, guztiak erderaz zirela gogoan dute, beraiek euskaraz besterik ez zutela hitzegiten eta gaztelaniaz ikasi behar omen zuten. Dotrina bakarrik ematen zuten euskaraz.
Ikasturte hasieran, maistra bakoitzaren zeregina omen zen eskola-materialaren lerrokapena egitea, hau da, aurreko ikasturtetik ze material geratzen zen eskolan, eta zerbait faltan bazegoen Aldundira eskatzeko. Artxiboan begiratutako dokumentuen artean, material-lerrokapenaren bizpahiru dokumentu agertu zaizkigu.

ARGAZKI ZAHARRAK

Lanaren hasierako prozedura eskolaumeen argazki zahar bat bilatzea bazen ere, nire kasuan ondorengo pausua izan da, guztiz zaila gertatu da garai hartako argazkiren bat aurkitzea, alde batetik nekazari auzoa zelako eta inork ere ez zeukalako kamararik, eta bestetik, gudako fronte bat Asterrikan bertan egon zelako eta etxe asko ustu edota jausi egin zirelako gerran bertako gauzak desagertuz. Hona hemen bada bitxi bi:

1932ko eskola ume batzuk,
Asterrikako auzo eskolan



1936an, guda sasoian,
asterrikako ume taldea eta soldaduak


ELKARRIZKETATUAK: OROIMEN HISTORIKOA

1932ko zerrenda jada eskuetan izanik, ondorengo pausua bertako norbait bizirik aurkitzea zen garai hartako kontakizunak jasotzeko, eskolako oroimen historikoa ez galtzeko. Honela, inor ere ez zelakoan egongo eta, zerrendatik hamar bat lagunen kontakizunak jasotzeko aukera dago. Guztiak gehiegi direla eta, beraietako lauetara mugatu naiz. Hona hemen beraien izen eta argazkiak:

Julian Arrate Arrasate (1927)


Luis Anakabe Garro (1924)


Patxi Kaltzakorta Azpiri (1928)

Juanita Garramiola Irusta (1920)


Gure arbasoak liburutegi bitxi baina aberatsak dira, eta ez ditugu joaten utzi behar barruan duten liburutegia ondo arakatu arte. Baina joatearena gure esku ez dago, eta hor gordeta duten oroimen historikoa, sasoi guztiz desberdin bat islatzen digun oroimen hori, lehen bait lehen jaso beharrean gaude. Ni neu ezerezetik hasita Asterrikako auzo eskolari buruzko lan dexentea egitera heldu naiz, baina bukatu, ez dut bukatu, gainerantzeko ikasleak elkarrizketatzeko utzi baititut, eta elkarrizketatutako hauek ere oraindik badutelako zer kontatu.



2007/06/08

GERRA AURREKO ETA OSTEKO ESKOLA

Auzo eskolek ez zuten nortasuna eta indarra hartzeko denborarik izan. 1938ko apirilaren 18aren ondoren auzo eskola guztiak eskola nazional bihurtu ziren eta aldaketa bat baino gehiago ekarri zuen horrek. Ordura arte materialez ondo hornituta baldin bazeuden, hori bukatu egin zen. Altxamenduak uniformismoa ekarri zuen, eta Escuela Nueva deitu zitzaion ideologiak eskola guztia aldatu zuen. Euskara baztertu egin zen, eta auzo eta bailaretako haurrek gazteleraz ez zekiten.

Auzo eskoletan hainbat maistrak errepresioa jaso zuten. Errepresioa gogorra izan zen arlo guztietan. Sistema politikoa erabat aldatu zen eta kargu politikoak ere bai. Hala ere, Diputazioan agintzen zutenak euskaldun, fededun eta tradizionalistak ziren. Kontuan hartzekoa da horietako batzuk parte hartu zutela auzo eskolen proiektuaren eraketan.
Maisu-maistra erdaldunak etortzen hasi ziren eta Diputazioa ez zegoen konforme fedegabeak eta euskararik ez zekitenak zirelako. Gerra bukatu ondoren berriro ere aurreko proiektuari eustea nahi izan zuten, baina arazo handi bat zegoen: maisu-maistrak aukeratzeko eskumena galdu egin zuen.
Proiektu autonomoa egin nahi izan zen beren kulturari, euskarari, herriko ohiturei eta erlijioari eusteko, baina hor bukatu zen autonomiaren ideia.

LANAREN ILDOA

Asterrika auzoari buruz ezer gutxi aurki dezakegu idatzita, eta bertako eskola izan zenari buruz, are eta gutxiago. Beraz, ikerketa lan hau egiteko, ezerezetik hasi behar izan nintzen. Lehenengo eta behin, Bizkaiko Aldundiko Artxibo Historikora jo nuen ea han zer zegoen eta nondik hasi jakiteko. Guztion sorpresarako eskolaren sorrerako dokumentuak, materialen zerrendak, irakasleen zerrenda, Berriatuko udala eta Aldundiaren arteko idatziak... Ezerezetik eskolari buruzko hainbat informazio aurkitu nuen bertan. Baina lanaren ildoa markatu duena dokumentu bat izan da, hain zuzen ere 1932ko urrian, ikasturte hasieran Ana Unzueta Larrañaga maistrak osatu zuen ikasleen zerrenda. Hona hemen:

Gregorio Goenaga
Pedro Maria Maguregui
José Maria Maguregui
Felix Irusta
Pascual Calzacorta
Luis Anakabe
José Mª Arrate
José Maria Aranceta
José Calzacorta
José Zuazaga
Julián Arrate
Juan Zuberogoitía
Dolores Irusta
Miren Irusta
Engracia Vicandi
Jerónima Maguregui
Juana Garramiola
María Calzacorta
Josefa Ignacia Aranceta
Purificación Anakabe
Tomasa Calzacorta
Mª Josefa Goenaga
Josefa Arrate
Juliana Elu
Juana Calzacorta
Rosa Urresti
María Gandiaga


Berriatúa 31 de octubre 1932
Beraz, zerrenda hartu eta ikertzen hasi nintzen: nortzuk zeuden bizirik elkarrizketatzeko, bakoitza zein baserritakoa zen, ze oroitzapen gelditzen diren...

ASTERRIKAKO AUZO ESKOLA



Aurkezpenean azaldu bezala, ikasgai desberdin bi lotu nahi izan ditut bietarako egin beharreko lanetan. Auzo eskolak gaia hartuta, zehatz-mehatz Asterrikako auzo eskola aztertu dut. Lana egiteko ildoa zera zen: norbere inguruko aspaldiko taldeko eskola-umeen argazki batez jabetu eta eskola erakuntza historikoa ikertzea.

Baina non dago Asterrika auzoa? Goazen bada honi buruz apurtxu bat jakitera.

Asterrika auzoa Berriatuan dago, elizaz Ondarroa da, baina udalez Berritxu. Ikusmira aparta duen muinoan kokatuta dago: Kantauriko itsasbazterra, Artibai ibaiaren ibarra eta Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mendikate zabalei begira. GR-123 Bizkaiko ibilbide handiak zeharkatzen du auzoa, eta, Ondarroa, Mendexa, Lekeitio eta Berriatuako herriguneen tartean dagoenez, zalantzarik gabe esan daiteke txoko berezia dela, ibiltzeko xarmaz beteriko bide zidor txikiz beteta.

Garai batean baserri eder eta biziak zirenak, gaur egun asko bertan behera utzi, jausi eta galduta daude: Gurutze, Solozarreta, Ergaiz, Eguren Goikoa eta Eguren Behekoa... Gaur egun oraindik zutik dirauten baserrien artean aipagarrienetariko bat Aldeko baserria dugu, euskal baserri-inguruko arkitekturaren erakusgarri baita.

Auzo eskoletako eraikinak, edifizio isolatu legez, XIX-XX. mendeen arteko eraikuntzak dira. Asterrikakoa, zehazki, 1924ean eraikia da, unitarioa zen eta garaiko eskolen balio arkitektoniko esanguratsua du.