2007/06/08

ASTERRIKAKO AUZO ESKOLA



Aurkezpenean azaldu bezala, ikasgai desberdin bi lotu nahi izan ditut bietarako egin beharreko lanetan. Auzo eskolak gaia hartuta, zehatz-mehatz Asterrikako auzo eskola aztertu dut. Lana egiteko ildoa zera zen: norbere inguruko aspaldiko taldeko eskola-umeen argazki batez jabetu eta eskola erakuntza historikoa ikertzea.

Baina non dago Asterrika auzoa? Goazen bada honi buruz apurtxu bat jakitera.

Asterrika auzoa Berriatuan dago, elizaz Ondarroa da, baina udalez Berritxu. Ikusmira aparta duen muinoan kokatuta dago: Kantauriko itsasbazterra, Artibai ibaiaren ibarra eta Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mendikate zabalei begira. GR-123 Bizkaiko ibilbide handiak zeharkatzen du auzoa, eta, Ondarroa, Mendexa, Lekeitio eta Berriatuako herriguneen tartean dagoenez, zalantzarik gabe esan daiteke txoko berezia dela, ibiltzeko xarmaz beteriko bide zidor txikiz beteta.

Garai batean baserri eder eta biziak zirenak, gaur egun asko bertan behera utzi, jausi eta galduta daude: Gurutze, Solozarreta, Ergaiz, Eguren Goikoa eta Eguren Behekoa... Gaur egun oraindik zutik dirauten baserrien artean aipagarrienetariko bat Aldeko baserria dugu, euskal baserri-inguruko arkitekturaren erakusgarri baita.

Auzo eskoletako eraikinak, edifizio isolatu legez, XIX-XX. mendeen arteko eraikuntzak dira. Asterrikakoa, zehazki, 1924ean eraikia da, unitarioa zen eta garaiko eskolen balio arkitektoniko esanguratsua du.

No hay comentarios: